Joan edukira

      Sodupe Herrerķas eta Cadagua ibaien ur-goraldietatik babesteko proiektua idazteko lizitazioa ireki berri da

      Argitalpen-data: 

      Cadagua eta Herrerías ibaien bateratzea Sodupen
      • Proiektuaren idazketak 230.000 euroko aurrekontua du, BEZa barne
      • Proiektua idazteko aurreikusitako egikaritze-epea 8 hilabetekoa da

      Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikita dagoenak, Sodupeko (Gueñes) biztanleak Herrerías eta Cadaguako ur-goraldietatik babesteko obraren proiektua idazteko lizitazioa ireki berri du, bi ibaiek bat egiten duten hiri-ingurunean. Proiektuaren idazketak 230.000 euroko aurrekontua du, BEZa barne, eta 8 hilabeteko egikaritze-epea aurreikusi da.

      Alde batetik, Cadagua ibaian, bi ibaiek bat egiten duten eremutik ibaian gora, ur-goraldia hazarazteko arrazoi nagusia Allende Zelaiara sartzeko zubia buxatzea da. Elkargunetik behera, ibilgu nagusiaren edukiera eta uholde-lautadak ez dira nahikoak ur askoko gertakarietako emariei eusteko. Bestalde, Herrerías ibaian, uholdea gertatzen da bai ibilguan diren zabalera eskaseko azpiegiturengatik, bai ubide arruntaren sekzio nabarmen txikiagatik, uraldien emariei eusteko.

      Egoera horri aurre egiteko, lehenik eta behin dauden aukerak baloratu eta aztertu behar dira. Aztertu beharreko jarduketa posibleen artean daude (bestelako batzuk aztertzea baztertu gabe): Iartuko zubiak eta Allende Zelaia kalekoa ordeztea, La Conchitako presa txikia kentzea, Herrerías ibaiaren ibilgua handitzea, bai eta Cadaguako ibilguaren tartea ere, bi ibaien elkargunetik ibaian behera. Azkenik, bi ibaien ertzetan zehar ibilguaren zenbait zatiren edukiera handitzeko beharra aurreikusten da.

      Bai Cadagua ibaia,  baita Herrerías ere Gordexola – Sodupeko arrisku potentzial esanguratsuko eremuan (UAHE) sartzen dira, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Uholde Arriskuaren 2022-2027 Kudeaketa Planean jasotzen den bezala. Ibai-tarte horrek hiri-ingurune egonkorra zeharkatzen du, eta uholde-maiztasun handiak eragiten ditu. Izan ere, ez da ezohikoa 10 urtetik beherako errepikatze-denborako ur-goraldiek ohiko ibilgua gainditzea. Egungo egoeran, UAHE horretan  espero den batez besteko kaltea urtekoan 0,9 M €-koa da, eta kalkuluen arabera, urtekoan, 305 biztanle dira arriskupean.

      Era berean, ibai-eremua oso antropizatuta dago. Beraz, jarduketa hau aukera bat da uholde-arriskua murriztea ahalbidetuko duten egiturazko jarduerak ezartzeko, ibai-sistemaren funtzionamendua hobetzeko eta Plangintza Hidrologikoan finkatutako ingurumen-helburuak lortzea sustatzeko.

      Sodupe Herrerías eta Cadagua ibaien ur-goraldietatik babesteko proiektua idazteko lizitazioa URA Uraren Euskal Agentziaren eta Gueñesko Udalaren arteko bileren eta landa-lanen emaitza da.

       

      URAren Berriak