Joan edukira

      Batan eta Zapardiel ibaien urgoraldiak ijezteko putzuaren 30.000 m³ lur induskatu dira

      Argitalpen-data: 

      Aitziber Urquijo, Antonio Aiz, Ana Oregi, Amaia Barredo eta José Mari Sanz de Galdeano.
      • Batan eta Zapardielen ur askoko emarietatik metro bat segundoraino ura desbideratzeko, 2.380 metroko lurpeko hodi bat eraikitzeko lanak hiri-bilbean ageriago ikusiko dira datorren astetik aurrera
      • Armentiako Gaina kalean, zirkulazio-errei bat eta aparkatzeko plaza-lerro bat okupatuko dira, 30 bat metroko tartean, McDonalds eta Lidl parean. Makinak eta hesiak Antoniako biribilgunerantz gerturatzen joango dira astez aste

      URA-Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoak, Lasarteko legartza  ohietan Batan eta Zapardiel ibaien ur-goraldien emariak ijezteko putzuaren 30.000 m³ lur induskatzen amaitu du. Bertan, 130.551 m³-ko ur-goraldiak ijezteko putzu bat egokitu da, lurraren sakonune bat aprobetxatuz.

      Gasteizko hegoaldeko ibaiak deiturikoen uholdeei aurre egiteko proiektuaren mugarri garrantzitsuenetako bat da. Horri esker, Batan eta Zapardiel ibaien ur-goraldiak, aurrena,  ijeztuko dira putzu horretan; hartara, 2.322 m-ko lurpeko hodi baten bidez Ali ibaira bideratzeko, eta, parez pare, emari horiek Krispiñako araztegira iristea saihesteko.

      Hala egiaztatu ahal izan dute URA-Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusi Antonio Aizek, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde Amaia Barredok eta Gasteizko Udaleko Lurralde eta Klimaren Ekintzako zinegotzi Ana Oregik gidatutako udal-ordezkariek, gaur egin dituzten obren bisitan, talde teknikoekin batera.

      Putzuaren egokitzapenak 130.551 m³-ko edukiera lortuko du amaitzen denean. Horretarako, Legartza zaharraren materialak induskatu eta baltsa edo urtegia itxiko duen pareta perimetral bat eraikitzen ari da URA (alegia, eustorma bat, putzuaren indusketetatik eta barne hartutako eroanbideetatik datozen materialekin eraikia). Hori dela eta, hondakinak kendu eta lurrak bahetu behar izan dira (balorizazio-planta mugikor baten bidez). Jada, urtegi-ontzi berriaren gehiengoa induskatu da. Hala ere, 9.000 m2 gehiago induskatu behar dira, eta putzuaren perimetro-horma eraikitzen jarraitu behar da, bai eta Batango eta Zapardieleko uren hartuneen eraikuntza-xehetasunak zehaztu ere.

      Batán-Ali arteko ur-eroanbidea

      Aldi berean, 2.322 metroko hodi bat eraikitzen ari dira, Batan eta Zapardiel ibaietako urak Ali ibairaino bideratzeko. Eroanbideak ageriko bi tarte ditu: bata, landa-bide batetik doa — putzuaren eta Maite Zuñiga kalearen artean —, eta, bestea, hiri-bilbean murgilduko da: Maite Zuñiga kalearen eta Ali ibaira isurtzen den puntuaren artekoa, Armentiako Gaina kalea zeharkatzen duen galeria (jada eraikita dagoena) baten bidez.

      Landa-zatia 2022ko irailean hasi zen egiten, eguraldi ona aprobetxatzeko, eta hodia Batan ibaiaren ibilguaren azpitik zeharkarazteko, lurra lehor zela. Datorren astetik aurrera, eroanbidea eraikitzeko lanak hiri-zatian hasiko dira, Armentiako Gaina kaletik hasita. 

      Gasteizko hegoaldeko ibaien urgoraldiei aurre egiteko lanak

      Jarduketa guztiek nabarmen handituko dute pertsonentzako, zein Gasteizko hiri-bilbearen hegoaldeko erabilera sentikorrentzako segurtasun-maila: Abendaño-San Martin eremua barne. Izan ere, jarduerak aukera emango du Batanen eta Zapardielen, Aretxabaleta auzoaren eta UPV-EHUko Kirol Zientzien fakultatearen artean, berez errepikakorrak diren uholdeen hedadura mugatzeko. Era berean, ingurumen-hobekuntza handia lortuko da, Krispiñako hondakin-uren araztegian hondakin-uren arazketaren errendimendua handituko baita.

      Obra horiek 5,5 milioi euroko esleipen-aurrekontua dute, BEZa barne. Proiektu honek Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF-FEDER) finantziazioa jasotzen du.

      Hiriaren hegoaldeko uholdeen uholde-orbanaren hedadura nabarmen arintzeaz gain, jarduketak saihestu egingo du Gasteizko saneamendu-sarean ibai-emari garbiek bat egitea eta Krispiñako HUAren arazketa-errendimenduari eragitea; hau da, saneamendu-sarean sartzen den emaria murriztea, HUAren arazketa-errendimendua hobetzeko. Gasteizko hirigunean sartu ondoren, bi ibai horiek bideratu egiten dira, eta, azkenean, kolektore bakar batean biltzen dira, hiria hegoaldetik iparraldera zeharkatzen duena. Kolektore hori saneamendu-sarearen parte da, eta, ondoren, HUAn tratatzen da. Beraz, arazo bat sortzen da tratatu beharreko ur-bolumenak handitzean, eta ur-emariaren puntek araztegiaren funtzionamendu normala baldintzatzen dute.

      Beraz, urtean zehar Batan eta Zapardiel ibaietatik igarotzen den uraren ahalik eta bolumen handiena Ali ibaira bideratzeko diseinatu da obra. Horretarako, 2.322,35 metroko lurpeko hoditeria eraikiko da, 1,00 m³/s-rainoko edukierarekin. Nolanahi ere, bideratzeak errespetatu egingo du bi ibaien emari ekologikoa, ur baxuko aldietan, urteko sasoi guztietan.

      Aurreikusteko moduko trafiko-eragozpenak

      Azken hilabeteetan, Gasteizko trafikoari ahalik eta gutxien eragiteko antolatu dira obrak. Datorren astetik aurrera, ur-eroanbidearen lanak ageriagoak egingo dira Armentiako Gaina kalean, eta hirira sartzeko bide horren zirkulazio-erreiei eragingo die metro batzuetan. Puntu horretan, sakonera handiko zanga baten barruan kanalizazio bat egin behar da, eta hodi bat jarri behar da.

      Esku-hartze hori gauzatzeko, zirkulazio-errei bat eta aparkaleku-tarte bat hartuko da, McDonalds eta Lidl parean 30 bat metroko tarte batean. Makinak eta hesiak Antoniako biribilgunerantz hurbiltzen joango dira astez aste. Hala ere, obrak egin bitartean ez da kalerik moztuko.

      Trafiko buxadurak saihesteko eta joan-etorrien arintasuna hobetzeko, seinaleak jarriko dira Armentiatik Gasteizera sartzeko biribilguneetan (Mariturrikoan eta Armentiako bidean), ibilgailuei Zabalganara (Reina Sofía etorbidetik) edo Armentiatik (San Prudentzio hiribidea --> Uleta --> Maite Zuñiga/Tanis Aguirrebengoa) desbideratzea gomendatzeko.

      induskatutako baltsa berria

      URAren Berriak