Joan edukira

      Laudioko San Juan errekaren ibilgu lehengoratuan zubi berriaren habeak jarri dira

      Argitalpen-data: 

      Laudioko San Juan errekako lanei bisita
      • San Juan erreka Nerbioi ibaiarekin bat egin aurretik aire zabalean jario dezan, lanak egin dira Zumalakarregi eta Goikoplaza kaleen artean; hartara, ur-goraldien aurrean segurtasuna areagotzeko ahalmen hidrauliko handiagoa izan dezan 
      • Orain, ibilgu berriaren gainean zubia eraikitzeari ekingo zaio, eta Goikoplaza kalearen joan-etorriaren jarraipena berreskuratzen da 

      Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako Uraren Euskal Agentziak, Laudioko San Juan errekaren ibilgu berriaren gainean zubi baten habeak jarri ditu, errekak Nerbioi ibaian duen bokalean. 

      Hala egiaztatu ahal izan dute gaur Ander Añibarro Laudioko alkateak eta Antonio Aiz Uraren Euskal Agentziako zuzendariak beren talde teknikoekin egin duten bisitan. 

      Zubi berri hau Laudioko San Juan errekaren uholdeetatik babesteko lanen mugarrietako bat da: Zumalakarregi eta Goikoplaza kaleen arteko 150 metroko zatian egindako jarduketa. Nerbioi ibaiaren ezkerreko ibaiadarra den San Juan errekak zabalera nabarmen ez nahikoa zuen Nerbioirekin bat egin aurretiko azken tarte horretan; uholde arrisku handiko eremua zen eta, gainera, ahokatua zen  (alegia, ubideratua eta estalia). 

      Orain arte, lanak egin dira San Juan erreka Nerbioin murgildu aurretik aire zabalean jario dezan,  eta ur-goraldien aurrean segurtasuna areagotzeko ahalmen hidrauliko handiagoa izan dezan. Obrek 1.071.865,31ko aurrekontua dute, BEZa barne, eta lanak 2023ko otsailerako amaitzea aurreikusten da. 

      Ander Añibarrok azpimarratu duenez, “errekaren ibilgua egokitzeko lanak amaitutakoan, euria gogor egiten duenean, Laudiok ez du kalterik jasango. Laudioarrek ez dute jadanik uholdeez arduratu beharrik izango”. 

      Antonio Aizek adierazi duenez, “Ibilgu nahikoa eta ahalik eta naturalena duen irtenbide bat bilatu da, eta, aldi berean, haren konfigurazio berriak aurreikusitako hiri-garapenarekin bat egiten du, eta ibilgu berria igarotzen den espazio osoaren ingurumen- eta hiri-kalitatea hobetzen du”.

      San Juan erreka 

      San Juan errekan jarduteak hainbat helburu ditu: 

      Alde batetik, ibilguaren egokitzapen hidraulikoa garatzen da, edukiera handiagoa sortuz, aire zabalean, eta sekzio nahikoa, uholde-arriskua saihesteko eta murrizteko. 

      Bestetik, Ibaiaren eta bizitegirako eta ekipamenduetarako hiri-espazioaren arteko integrazioa ahalbidetzen du: orain eta etorkizunera begira, ingurumen-hobekuntza nabarmenarekin.

      Proiektu hau Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan dago - Europar Batasunak finantzatua – NextGenerationEU

      Laudion uholdeei aurre egiteko lanek darraite 

      San Juan errekaren egokitzapen hidraulikoaren eta ingurumen-egokitzapenaren proiektua Nerbioi ibaiaren uholdeen aurkako defentsarako proiektuaren aurreikuspenak kontuan hartuta diseinatu da, Laudioko herrigunetik igarotzean. Proiektu horren jarduera-eremua Nerbioi ibaiaren Kurajoko pasabidearen eta Altzarrate zubiaren arteko zatia da. 

      4,7 M €-ko lizitazio-aurrekontuarekin eta 17 hilabeteko egikaritze-epearekin, ibaiari ahalmen hidrauliko handiagoa emango zaio 100 urteko errepikatze-denborako ur-goraldien uholde-arriskuari eusteko, 438 m³/s-ko emariari dagokiona. Horretarako, ibaiaren ohearen kota jaitsiko da eta sakonera handituko da metro inguruko indusketen bidez. 

      Proiektu honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF 2021-2027) finantzaketa du

      URAren Berriak