Joan edukira

Albisteak

Uparanerreketa errekaren 60 metroko tarte bat leheneratu berria Areatzan

Argitalpen-data: 

Ubideratzearen paretaren eraisketa lanak
  • Iturrimaur pasabideak igarotzen duen ezkerreko ertzean, burdin-ur iturrirako sarbidean
  • Jarduera Areatzako Udalaren eta URAren arteko ibaiak lehengoratzeko lankidetza-protokoloaren esparruan egikaritu da

Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikita dagoenak, Uparanerreketa errekaren ezkerraldeko 60 metroko tarte bat leheneratu du Areatzan (Bizkaia), herriaren hego-mendebaldean, bere garaian urei eusteko eraikitako hormigoizko horma eraitsiz. Horretarako, 27.000 euro inbertitu dira, BEZa barne, eta hilabete behar izan da amaitzeko. Helburua:ahal zen neurrian, Uparanerreketa errekaren tarte horretan ezkerraldeko ibai-terraza naturalizatzea eta ibaiertz landaredia gehiago egotea.

Erreka horren ezkerreko ertzean, Iturrimaur izeneko pasealekua zegoen, ibilgutik parez pare, eta Atxeko zubiraino zihoan. Bide horrek ezkerraldean dagoen burdin-uren iturri publikorako sarbidea ematen zuen. Alde horretan, hormigoizko horma eta zokalo bat zegoen, metro bat baino gehiagoko altuerakoa, eta horrek argi eta garbi hausten zuen ibilguaren eta ezkerreko erriberaren arteko zeharkako jarraitutasuna:  baita korrontearen norabidea eskuinalderantz desbideratu ere. Halaber, ikusi zen horma oinutsik zegoela, pasealekuari eusten zion korronteak eragindako higaduraren ondorioz.

Egoera horren aurrean, URAren eta Areatzako Udalaren arteko  ibilguak leheneratzeko eta mantentzeko lankidetza-protokoloaren esparruan, tarte hori zaharberritu egin da. URAk Udalak eskura jarritako lurretan egin ditu obrak.

Horma eraistearekin batera, ahalik eta erriberarik zabalena egin da, eta, horri esker, tarte horretako korronte-erregimenaren dinamika naturala berreskuratu ahal izan da, eta oinezkoentzako bidea ibaiertzaren goiko aldera mugitu da. Zuhaitz-landarediari dagokionez, bi astigarrak kontserbatu dira, lau itzal-platano moztu dira eta erriberako landaredi autoktonoarekin ordeztu dira. Zehazki, lizarrak. Iturriaren eremuan, bidexka berriz jarri da, sekzio naturalizatuago batekin, burdin-ur iturriaren sarbide eta erabilera publikoaren mesedetan.

Aldi berean, jarduketak bide-zatiaren hustubide-ahalmena hobetu du, Iturrimorroko zubiaren ezkerreko begiaren eremuan fluxua orientatu delako. Horri esker, korrontearen garraio-ahalmena handitu da.

URAk Uparanerreketa errekaren 60 metroko tarte bat leheneratu du Areatzan / URA restaura un tramo de 60 metros del arroyo Uparanerreketa en Areatza