Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio lankidetza-hitzarmen bat sinatzeari Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioarekin, Kantauriko eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoekin eta URA-Uraren Euskal Agentziarekin. Hitzarmen horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldeko erkidego arteko arroetan jabari publiko hidraulikoaren arloko hainbat jarduera esku-ordezkatzen dira.
Hitzarmen berriak egokitu eta eguneratu egingo du ezarritako jarduera-esparrua, eta ordeztu egiten du, ondorio guztietarako, 2015eko abenduan sinatutakoa: administrazio hidraulikoen jarduna eta esku-hartzea eraginkortasun- eta koordinazio-irizpideekin gauzatzeko; administrazio-jarduera antolatzeko; eta agindutako eginkizunen kudeaketaren eraginkortasuna areagotzeko. Hitzarmenak lau urteko iraupena izango du hasieran.
Administrazio hidraulikoaren esku-hartzea
URAk eta Ministerioak sinatzeko proposatutako hitzarmenaren arabera, urak Kantauri itsasora isurtzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoaren eremukoak ez diren arroetan (Bidasoa, eta Ebro ibaien arroak, zein beste autonomia-erkidego batzuekin muga egiten duten ibilguak izan ezik), Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailari atxikitako Uraren Euskal Agentziaren esku uzten da, besteak beste: obrak egiteko baimenak ematea; isurketa-baimenak ematea; erantzukizunpeko adierazpenak egitea, jabari publiko hidraulikoaren zaintza, kontrola eta polizia egitea; zehapen-espedienteak izapidetzea; legeztatze- eta itzultze-espedienteak izapidetzea; baliabide hidrikoen eskaera berrietan eragina duten planei buruzko txostenak egitea; eta ingurumen-baimen integratuen pean dauden isurketei buruzko txosten lotesleen proposamen-txostenak egitea.
Hitzarmenean zedarritutakoari jarraiki, gomendioaren xede diren jarduerak egitearen ondorioz izandako kostu ekonomikoaren truke, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak 1.000.000 € luzatuko dizkio urtero Uraren Euskal Agentziari, urteko ekitaldia bukatutakoan.
Era berean, administrazio-prozedurak, nahiz herritarrentzako eta beste administrazio batzuentzako arreta hobetu eta bizkortzeko, URA-Uraren Euskal Agentziak erreferentziazko administrazio gisa jardungo du agindutako jardueretan, eta jabari publiko hidraulikoaren kudeaketa homogeneoa bermatuko du EAEko lurraldean.
Administrazio-prozedurak hobetzea eta arintzea
Kudeaketa-mandatu honen helburua da zerbitzu publiko ona sustatzea uraren arloan: sarbide zuzena, hurbila, arina eta gardena lortuz, jabari publiko hidraulikoa hobeto kudeatzeko eta ingurune urtarra hobeto babesteko.
Administrazio hidraulikoen arteko lankidetza-printzipioari jarraiki, kudeaketa-mandatua sinatu da, administrazio-prozedurak eta herritarrentzako eta beste administrazio publiko batzuentzako arreta hobetzeko eta arintzeko. Ildo horretatik, alderdi guztiek arreta handiz izapidetuko dituzte prozedurak eta txostenak: beren beregi, administrazio-isiltasuna saihestuz.
Gainera, URA-Uraren Euskal Agentziak konpromisoa hartu du izapideak arrazionalizatzeko eta arintzeko printzipio modernoenak ezartzeko: bikoizteak, errepikapenak eta beharrezkoak ez diren izapideak saihestuz. Halaber, mandatu honen garapenean, oso presente egongo dira sinpletasuna, argitasuna, hurbiltasuna eta herritarrei eta administrazioei ematen zaien zerbitzua.