Joan edukira

      URAk eta Amurriok hitzarmen bat sinatu dute Armuru erreka lehengoratzeko

      Argitalpen-data: 

      URAko zuzendaria eta Amurrioko alkatea hitzarmenaren sinaduran
      • Jarduketen baterako aurrekontua 700.000 €-koa da, BEZa barne, eta gauzatzeko epea 3 hilabetekoa da 
      • URAk errekaren lehengoratzea egingo du; Amurriok  hondakin-uren kolektorea eta bidegorria

       Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako URA-Uraren Euskal Agentziak eta Amurrioko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur, Armuru errekaren 250 metroko tarte bat lehengoratzeko, zein hondakin-uren kolektore bat eta bidegorri bat eraikitzeko.

      Armuru errekaren zati hori —Lexarraga eta Etxegoien kaleen artean dagoena— bideratua eta estalita dago, eta errekaren berezko emariak nahiz inguruko etxeetako hondakin-urak bertatik igarotzen dira. 

      Amurrioko Udalak saneamendu-proiektu bat du isurketa horiek biltzeko eta udal-sarera bideratzeko. Era berean, jarduketa horrek aukera ematen du oinezkoentzako eta bizikletentzako sarbidea erreka horren eskuinaldetik zabaltzeko. 

      Sinatutako hitzarmenaren arabera, bi administrazioek elkarlanean jardungo dute ibai-tartea lehengoratzeko eta ur beltzak biltzeko, saneamenduko udal-sarera bideratzeko. Halaber, aipatutako oinezkoentzako eta bizikletentzako sarbidea sortzeko aprobetxatuko da jarduketa.

      URAk errekastoa lehengoratzeko eta finantzatzeko ardura hartu du, 350.000 €-rekin (BEZa barne), eta Udalak gauza bera egingo du 350.000 €-ko inbertsioarekin (BEZa barne), aipatutako saneamenduari eta hirigintza-egokitzapenari ekiteko. Lanak gauzatzeko epea 3 hilabetekoa da, esleitzen direnetik. 

      Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF 2021-2027) finantzatzen du proiektu hori.

       

      URAren Berriak