Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako URA-Uraren Euskal Agentziak bilera batera deitu du, eta bertan parte hartu dute Agentziako zuzendari nagusi Antonio Aizek; Jasangarritasuna, Nekazaritza eta Natura Inguruneko foru diputatu Amaia Barredok; Zuiako eta Urkabustaizko alkate Unai Gutierrezek eta Xabier Alvarez de Arcayak; baita Gorbeialdeko kuadrillako tokiko erakundeetako ordezkariek, Natura Ingurunearen foru zuzendariak eta agentziako obra hidraulikoetako talde teknikoak ere.
Bileraren helburua izan da Zaroko urtegia egiteko eman beharreko hurrengo urratsak azaltzea: Kuadrillako toki-erakundeek Urkabustaizko Uren Ermandadea eraiki nahi den azpiegitura hidraulikoaren erakunde kudeatzaile izendatu ondoren.
Laburbilduz, proiektua honetan datza: ia 0,5 Hm³-ko presa bat eraikitzea, edateko uren araztegi berri bat egitea eta hiri-horniduraren bermea lortzea ahalbidetuko duten ur-hartuneak eta -hodiak berritzea. Hartara, ibaietatik eta iturburuetatik kendutako uraren erabileraren eraginkortasuna hobetu, nahiz ur-eskaintza handitu eta indartu: aipatutako urtegi hori sortuz. Gainera, sistema berriak agorraldietan Baia ibaiari egiten zaion presio handia arintzea ahalbidetuko du, Baia ibaiaren egoera ekologiko hobea ahalbidetzeko. Alegia, proiektuaren bigarren helburu nagusia. Proiektuak, oro har, 35 milioi euroko kostua izango du.
Parte hartzen duten administrazio guztiek Ebroko Konfederazio Hidrografikoak Urkabustaizko Uren Ermandadeari eman beharreko emakida lortzeko beharrezko izapideekin jarraitzea erabaki dute, ondoren urtegia eraikitzeari ekin ahal izateko.
Foru Aldundiak konpromisoa hartzen du urtegia eraikitzeko beharrezkoak diren lurzoruak kudeatu eta antolatzeko; URAk lanak finantzatu, egikaritu, eta ondoren, Urkabustaizko Uren Ermandadeari ematea: baltsa horretatik datozen baliabide hidrikoen kudeatzaile gisa izango baita.
Ildo horretan, hiru administrazioen konpromisoak hitzarmen batean jasotzea adostu dute; era bateratu eta koordinatuan lan egiteko; Zuiako eta Urkabustaizko biztanleria osoarentzako hornidura-bermea lortzeko; eta agorraldietan behin eta berriz gertatzen diren ur-gabeziako egoerak saihesteko, zein Baia ibaiaren emari ekologikoak aintzat hartzeko.