Foru Aldundiak eta URA-Uraren Euskal Agentziak lankidetza-hitzarmen berri bat sinatu dute, 2016-2026 aldirako Arabako Lurralde Historikoko Hornidura eta Saneamenduko Plan Zuzentzailean jasotako sei jarduera finantzatzeko eta gauzatzeko.
Akordio horren arabera, URAk 4 milioi euroko inbertsioa egiteko konpromisoa hartu du, eta Arabako Foru Aldundiak, berriz, eraikuntza-proiektuen garapena eta obren lizitazioa bere gain hartuko ditu, baita proiektu horiei ekiteko behar den gainerako inbertsioa ere. Hitzarmenak erakundeen arteko lankidetza indartzen du, lurraldeko azpiegitura hidraulikoen hobekuntzan aurrera egiteko.
Aurreikusitako jarduketak tokiko eremua gainditzen duten azpiegitura estrategikoei dagozkie, eskualdeko zerbitzua emateko helburuarekin. Zehazki, hitzarmenaren xede diren sei obrak honako hauek dira: Gorbeia-Ascargan Garaiko hartuneen hornidura-hodia berritzea; Mezkia Aguraingo andelarekin lotzea; Delika lotzea eta biltegi berri bat eraikitzea; Izoria Murgako poligonoarekin lotzeko kolektorea; Okondo Maroñoko hornidura-sistemarekin lotzea; eta Caicedo Yuso – Leciñana bideko konexioa.
Saray Zarate Ekonomiaren Garapen eta Iraunkortasuneko foru diputatuak nabarmendu duenez, "hitzarmen hau beste urrats bat da erakundeen arteko lankidetzan, Plan Zuzentzailean jasotako jardueretan aurrera egiteko aukera ematen diguna, Arabako biztanleei ur-hornidura bermatzeko eta, aldi berean, ingurumenaren babesa indartzeko helburuarekin".
Ildo horretan, Zaratek azpimarratu duenez, aurreikusitako inbertsioek "emari ekologikoak errespetatzen laguntzen dute, urak ubideetara itzuli aurretik behar bezala tratatuko direla ziurtatzen dute eta isurketen ondorio negatiboak minimizatzen dituzte".
Bestalde, Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusi Asier López Etxebarriak "uraren hiri-zikloaren kaudimen tekniko eta ekonomikoa funtsezkoa da zerbitzu segurua eta eraginkorra bermatzeko. Hitzarmen honek erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia islatzen du, bai eta Arabako lurralde osoan hornidura- eta saneamendu-sistemak integratzen jarraitzeko beharra ere. Horrela bakarrik eskaini ahal izango diegu zerbitzu hobea herritarrei, eta, aldi berean, ur-masen egoera hobetzen aurrera egin ahal izango dugu, ezarri ditugun ingurumen-helburuak betez ".
Akordioak, halaber, jarraipen-batzorde bat sortzea aurreikusten du, eta batzorde hori jarduketen garapena gainbegiratzeaz arduratuko den mahai tekniko baten bidez antolatuko da.
Orain arte, administrazio arduradunek 113.358.980 euroko inbertsioak egin dituzte Plan Zuzentzailearen esparruan, hau da, 2016-2026 aldirako hasieran aurreikusitako aurrekontuaren % 70 inguru.

