- Ibaiko ur-lamina hazarazi eta espezien joan-etorria oztopatzen zuen jada erabiltzen ez zen presa txiki horrek
- Korrontean eragin da bait ere legarren banaketa iraunkorragoa egiteko eta sedimentuen metaketa saihesteko
URAk presa txiki bat eraitsi du Gasteizko Errekaleor ibaian, auzoan bertan dagoen tarte batean: ur-lamina hazarazi eta espezien joan-etorria oztopatzen baitzuen jada erabiltzen ez zen presa txiki horrek. Bestalde, korrontean eragin da bait ere, legarren banaketa iraunkorragoa egiteko eta ibilgu tarte horretan sedimentuen metaketa saihesteko.
Gainera, deflektoreak (ibilguarekiko zeharkako hesi txikiak dira, eta korrontearen portaera aldatzeko jartzen dira) jarri dira ibaiaren ibilguan. Korrontearen eragitea da helburua, legarren banaketa jasangarriagoa izan dadin; horrela, korronteak berak sedimentuak ez metetzen lagunduko du, eta jardun den hormigoizko pasabidearen naturalizazioa sustatuko du.
Jarduketa honen helburua uraren eta arrain-faunaren zirkulazio askea erraztea da. Hesi artifizial hori kentzeak bisoi europarra (Mustela lutreola) bezalako espezieen mugikortasuna errazten du, baita sedimentuen birbanaketa naturala ere. Halaber, habitaten birsorkuntza errazten du, tokiko biodibertsitaterako funtsezkoa baita.
Presa txikia kentzeaz gain, hobetu egin da ibilguaren alboko konektibitatea, arrapalak eraikiz eta lurreko faunarentzako alboetako korridore seguruak sortuz. Alegia, ibaiaren jarraitutasun ekologikoa bilatuz.
Arreta berezia jarri da obrek inguruneari ahalik eta kalte gutxien egiteko eta ingurumen-integrazioa ziurtatzeko.
Partzialki egindako lanek 26.183,82 euroko inbertsioa aurreikusten dute, eta datorren udako agorrilean amaituko dira.
Era berean, espezie autoktonoekin landareztatzeko lanak sarbideek eragindako lurretan egingo dira datorren udazkenean, egiteke dauden lanak amaitu ondoren.
Ibaietako hesiak kentzearen onurak
Erabiltzen ez diren presak eta presa txikiak eraistea URAk ibaiak lehengoratzeko sustatutako estrategian txertatzen da. Oztopo horiek kentzeak arrain-espezieen migrazioa errazten du, ugalketa- eta elikadura-eremuetara sartzea ahalbidetuz; sedimentuen garraio naturala ahalbidetzen du berriro (ibilguaren egitura hobetuz eta higadura-prozesuak murriztuz); uraren kalitatea handitzen du, oxigenazio handiagoa eta materia organikoaren metaketa murriztuz; eta ibai-paisaia eta uretako eta ibaiertzetako ekosistemetako biodibertsitatea berreskuratzen laguntzen du.
Proiektu honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF 2021-2027) finantzaketa du.
Informazio gehiago Irekia atarian