- Urtearen hasieran atzeman zen Oria ibaiaren beheko-tartean, eta, gutxienez, 600 metroko ibai-tartean hedatu dela baieztatu da
- 2015ean eta 2016an Undurragako (Bizkaia) eta Urrunagako (Araba) urtegietan ikusi zen, baina orain arte ez da berriro atzeman
Delako Asiar Almeja (Corbicula sp) lehen aldiz atzeman da Gipuzkoan. Hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Zebra Muskuiluaren Jarraipenerako Batzordearen beste bilera bat deitu da (bertan biltzen dira Foru-Aldundiak, uraren erakunde kudeatzaileak, EHU, Kantauriko eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak eta URA) espezie inbaditzaile horren kudeaketa- eta jarraipen-estrategiak koordinatzeko.
Inpaktu handiko espezie inbaditzaile hori Oria ibaiaren beheko zatian hauteman da, Aginaga parean, eta ibaitik 600 metrora hedatzen da, gutxienez, ibaiaren meandroetan dauden legarretan; hala ere, liteekena ei da hiru kilometroko tarte batean hedatzea. Espezie hori Undurragako (Bizkaia) eta Urrunagako (Araba) urtegietan erregistratu zen 2015ean eta 2016an, baina orain arte ez da begiztatze berririk antzeman.
Asiako Almejak, jatorriz Asiako hegoaldekoa eta ekialdekoa, ahalmen inbaditzaile nabarmenekoa da, eta horrek eragin negatiboa izan du uretako ekosistemetan eta galera ekonomikoak eragin ditu. Ur gezaren espezie honek maskor sendoa eta saihets erregularrak ditu ezaugarri, eta metro karratuko 10.000 indibiduoko dentsitatera irits daiteke, ugalkortasun handia duelako.
Ezaugarriak eta banaketa
Asiako Almeja espezie iragazle eta hermafrodita bat da; ur argiak eta ondo oxigenatuak nahiago ditu; hondar hareatsuak okupatzen ditu usu. Ezaguna da tenperatura eta gazitasun desberdinetara egokitzeko duen gaitasunagatik, nahiz eta kutsadura ondo onartzen ez duen. 1981ean Espainian lehen aldiz aipatu zenetik, hainbat arro hidrografikotan hedatu da, eta nabarmentzekoak dira Miño, Ebro, Guadiana eta Duero ibaien populazioak.
Kudeaketa-metodoak eta aurreikusitako jarduerak
Espezie inbaditzaile horri aurre egiteko, hainbat tratamendu-metodo ebaluatu dira. Neurri horien artean daude eremu txikietan eskuz ezabatzea, aldi baterako lehortzea eta sistema itxietan iragazkiak instalatzea, baita tratamendu termikoak eta kimikoak ere, kontrolatutako baldintzetan. Hala ere, sistema irekietan, kontrol kimikoak ez dira eraginkorrak, ingurumen-arriskuak direla-eta.
Oria ibaiko berehalako jarduketek barne hartzen dituzte eremu-ikuskapenak eta mugaketa. Zehazki, espeziearen prospekzio espezifikoa egingo da Oria ibaian eta Euskal Autonomia Erkidegoko beste ibai-arro batzuetan, ingurumen DNA bidezko analisi gehigarriekin.
Prebentzioa eta kontrola
Zebra-muskuiluaren esperientziatik tiraka, Asiako Almejaren hedapena kontrolatzeko neurriak prebentzioan eta etengabeko jarraipenean oinarrituko dira. Eskumena duten administrazioen eta eragileen arteko koordinazioa funtsezkoa izango da espezie inbaditzaile horren hedapena mugatzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko ur-ekosistemak babesteko.
Ur gezatako bibalboa da, 4-5 cm luze izan daitekeena. Maskor sendoa du, saihets erregular eta zentrokideak, oso markatuak. Ur-masen hondoan bizi da, eta 10.000 m²-ko dentsitatera irits daiteke ugalkortasun handiari esker; izan ere, banako ugaltzaile bakar batek 100.000 ale berri baino gehiago sor ditzake bere bizitzan zehar.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)