Joan edukira

    URAk eta Dimako Udalak hitzarmena sinatu dute Oba eta Indusi ibaietan uholde-arriskua murrizteko

    Argitalpen-data: 

    Dima.
    • Proiektuak jarduketa hidraulikoak eta ingurumena hobetzeko jarduerak aurreikusten ditu, 3,7m €-ko inbertsioarekin eta 14 hilabeteko egikaritze-epearekin
    • URAk 2026ko udan lizitatuko du proiektua, eta obrak urte horren amaieran hastea aurreikusten da

    URA-Uraren Euskal Agentziak — Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailari atxikia — eta Dimako Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu dute URAk idatzitako proiektua gauzatzeko, Oba eta Indusi ibaiak Bizkaiko udalerritik igarotzen diren tarteetan ahalmen hidraulikoa handitzeko, hirigunean uholde-arriskua murrizteko helburuarekin.

    URAko zuzendari nagusi Asier López Etxebarriak eta Dimako alkate José Mari Atutxa Olabarrik sinatu dute akordioa, eta aukera emango du bi ibilguon ahalmen hidraulikoa hobetzeko eta ingurumena lehengoratzeko hainbat jarduketa garatzeko. Proiektuak jarduketa hidraulikoak eta ingurumena hobetzeko jarduerak aurreikusten ditu, 3,7M €-ko inbertsioarekin, Eusko Jaurlaritzak osorik finantzatuta URAren bitartez, eta 14 hilabeteko egikaritze-epea aurreikusi da. URAk 2026ko udan lizitatuko du proiektua, eta obrak urte horren amaieran hastea aurreikusten da.

    Proiektuak Ugaranako herriguneko eremu bereziki kalteberetan jarduteko beharrari erantzuten dio; bertan, uholde-arriskua duten puntuak identifikatu dira, baita urte gutxiko errikatze-denborako ur goraldietan ere (emari txikiagoko baina ohikoagoak diren ur-goraldiak). Puntu horien artean, ikastetxearen ingurua eta Arratiako egoitza nabarmentzen dira, Oba eta Indusi ibaien inguruan daudenak. 2022-2027 aldiko Uholde Arriskua Kudeatzeko Planean jasotako obra honekin, URAk aurrera egiten du bere ibilbide-orria betetzen, herritarrak uholdeen arriskutik babesten jarraitzeko.

    Aurreikusitako jarduketek aukera emango dute ibilguen edukiera hidraulikoa hobetzeko, ohiko ibilguan 50 urteko errepikatze-denborako uraldiak barne hartzeko, errepikatze-denbora handiagoko uraldien eraginak murrizteko eta ibai-ingurunearen ingurumena lehengoratzen laguntzeko.

    Proiektuak hainbat esku-hartze biltzen ditu ahalmen hidraulikoa handitzeko eta hiriguneak babesteko:

    • BI-2543 errepideko zubiaren ordez ahalmen hidrauliko handiagoko eta ibilguan euskarririk gabeko egitura berri bat jartzea.
    • Ibilguaren handitzea delako bermen bidez (uraren abiadura murrizten duten eta ur-goraldietan hustubidea errazten duten ibilguaren inguruko espazio lauak).
    • Indusi ibaiaren ezkerreko ertzean luzetarako defentsa bat ezartzea, egoitza babesteko, eta beste bat Oba ibaiaren eskuineko ertzean, ikastetxea babesteko.

    URAk obrak kontratatu, zuzendu eta finantzatuko ditu, eta Dimako Udala arduratuko da beharrezko lursailak errazteaz eta, jarduketak amaitutakoan, ondoriozko azpiegiturak kontserbatzeaz eta mantentzeaz.