- Xedea da zehaztea hiru administrazioek nola hartuko duten parte saneamendu-sarea egiteko, eta uholdeei aurre egiteko proiektuaren lehen fasea gauzatzeko orduan
Uraren Euskal Agentziak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Andoaingo Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu dute Ziako errekastoaren saneamendu-lanak eta uholdeei aurre egiteko defentsa-lanak egiteko. Helburua da arautzea zein baldintzetan jardungo diren hiru administrazioak Andoainen Ziako errekastoaren saneamendu-proiektuaren proiektu bateginean, eta Andoaingo udalerrian Ziako errekastoaren uholdeei aurre egiteko lanen proiektuaren 1. fasean jasotako obrak egiteko. Sinadura-ekitaldian parte hartu dute URAko zuzendari nagusi Antonio Aizek, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatu José Ignacio Asensiok eta Andoaingo alkate Maider Lainezek.
Uholdeei aurre egiteko lan-proiektua errekaren ahalmen hidraulikoa handitzean eta aire zabalera ateratzean datza, guztira 1.200 metroko luzeran. Proiektua hiru fasetan gauzatzea aurreikusi da. Saneamenduari dagokionez, Ziako kolektorea eraikitzea da jarduketen xedea. Kolektore hori Gudarien Hiribidea hiri-mugan hasten da, Urnietako udalerriarekin mugan, eta Oriako hodi biltzaile nagusira arte doa, Bazkardora arte, Ama Kandida etorbidean: 1.959 metroko tartea, alegia. Kolektore horri 2.890 m bigarren mailako kolektore gehituko zaizkio.
Uholdeei aurre egiteko defentsa-lanen lehen fasea (Martin Ugalde eta Denak artean) bat dator diseinatutako saneamendu-sarearen jardun-eremuarekin. Horregatik, lankidetza-hitzarmen bat behar da, bi proiektuak batera eraikitzeko eta inplikatutako administrazioen arteko koordinazio estua errazteko.
Hitzarmenak zehaztutakoari jarraituz, URAk obra-proiektuak aurkeztu eta obrak kontratatu, zuzendu, ikuskatu eta finantzatzeaz arduratuko da (uholdeen aurreko defentsa-obren % 100a eta saneamendu-obren % 60a) 17.425.291 eurorekin. Aldundiak saneamendu-jarduketaren % 40a finantzatuko du, 4.289.317 eurorekin, eta Udalak 390.567 euro finantzatuko ditu hornidura-sare berria egiteko (1,3 kilometroko eroanbide berria Super Amara eta Martin Ugalde artean) edo lurzoruak jartzeko.
Uholdeei aurre hartzeko proiektuak Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF-FEDER 2021-2027) finantziazioa jasotzen du.