Joan edukira
  1. Beasainen Oria ibaiaren uholdeetatik babesteko lanei ekiteko hitzarmenaren sinad...

Beasainen Oria ibaiaren uholdeetatik babesteko lanei ekiteko hitzarmenaren sinadura

Argitalpen-data: 

Beasaingo lanetarako hitzarmena sinatzea

URAk asteazken honetan lizitatuko du obra, 7,8 M€-ko oinarrizko aurrekontuarekin eta 18 hilabeteko egikaritze-epearekin.

Egingo diren obrek nabarmen murriztuko dute uholde-arriskua hirigune erresidentzialean eta industria-erabileretarako lurzoruan

Beasaingo Udalak, C.A.F.-k eta URA Uraren Euskal Agentziak hitzarmena sinatu dute gaur, Oria ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektuan jasotako obrei ekiteko. Oria ibaiaren ertzetan, C.A.F.-ren industria-instalazioen parean dauden lurrak urpean gera daitezke eta delako Uholde Arrisku Handiko Eremu batean daude. Hitzarmenaren ondorioz egingo diren obrek berekin ekarriko dute udalerrian ibaiaren goraldiek eragindako kalteak saihestea, hala nola 2008an izandako kalteak.

Ekitaldian parte hartu dute Arantxa Tapiak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak; Leire Artolak, Beasaingo alkateak; eta Andres Arizkorretak, CAFeko presidenteak. Hiru aldeko hitzarmen berriari esker, modu arin eta eraginkorrean lan egin ahal izango da CAF lantegiaren eta Beasaingo udalerriaren garapena zuzenean baldintzatzen duen erronka hidrauliko horri erantzuteko. Bertan izan dira, halaber, Antonio Aiz, URAko zuzendari nagusia, eta Gorka Zabalegi, CAFeko giza baliabideen zuzendaria.

Asteazken honetan bertan, URA-Uraren Euskal Agentziak obraren lizitazioa egingo du. Jarduketa gauzatzeko aurreikusitako epea 18 hilabetekoa da obra hasten denetik, eta lizitaziorako oinarrizko aurrekontua 7,8 milioi eurokoa da, BEZa barne.

Arantxa Tapiak nabarmendu duenez, “lanak nabarmen areagotuko ditu segurtasun-mailak, Oria ibaiak Beasaineko hirigunetik igarotzean uholdeak izateko arriskua baitago. Halaber, adierazi du jarduera hori posible izango dela erakundeen eta sektore pribatuaren artean ahaleginak hitzartzeari esker eta inplikatutako hiru aldeen arteko elkar ulertze giro bati esker, jarduketa konplexu eta beharrezko bati ekitea ahalbidetzen baitute”. Sailburuak aurreratu duenez, “URAk datorren astean lizitatuko du obra, eta urteko azken hiruhilekoan errealitate izatea espero dugu”. “Jarduera hidraulikoak hiri-eraldaketa eta -hobekuntza ere baditu”-ela balioetsi du.

Bestetik, Beasaingo alkate Leire Artolak azaldu du CAFerako sarrera nagusia, "Porteria" bezala ezagutzen dena, inguru enblematikoa dela udalerriarentzat. Ibaiaren ubidea handitzeak orain arte udalerriko eremu honek nozitzen zuen uholdegarritasun arriskua murriztea ekarriko du, eta besteak beste Udalaren kudeaketa horretara bideratu da. “Ingurua berrurbanizatzeak duela hamarkada batzuetatik ditugun uholde-arrisku arazoak errotik kentzea dakar, eta, beraz, pertsonen eta ondasunen segurtasunean irabaziko da”. Gainera, ingurunearen irisgarritasuna hobetzeko aukera emango da. Bidegorria mantenduz, zirkulazioaren bi noranzkoak berreskuratuko dira trafiko arazoei irtenbidea emanez eta bidearen bi aldeetan espaloi zabalak jarriz. Ezkiaga auzoarentzat aurrerapauso bat izango da”.

Jarduerak 300 metroko luzera izango du. Laburbilduz, honako hauek biltzen ditu proiektuak: Oria ibaiaren ibilguaren gaineko bi zubi kendu eta eraistea, ubidearen eta Jose Miguel Iturrioz kalearen arteko lau eraikin eraistea, ibilguaren egungo ezkerraldearen atzeraematea tartean, egungo zubiaren kokapenean zubi berri bat eraikitzea, ibilguaren eskuineko ertzaren babestea eta Jose Miguel Iturrioz kalearen berrurbanizazioa.

Martxan jarriko diren lanek, Porteria eremuko eraikinen eraispena ekarriko du. Baliabide guztiak jarri dira martxan eraispenak, urbanizazio proiektua eta obra berrien hasiera arintzeko. Aisialdirako gune berria erakargarria bihurtuko da, eta balio erantsia emango dio eremuari. Lanen dimentsioa aprobetxatuz, Udalak eremu honen jarraian geratzen den ibilbidearen irisgarritasuna eta oinezkoentzako hobekuntzarako esku hartze bat txertatu du hitzarmenean. Jose Migel Iturriotz kalea eta Urbietako zubiaren artean geratzen den tartean, ibaiaren aldeko espaloiari zabalera gehiago emango zaio egun oinezkoen pasabidea hobetzeko. Espaloiaren zabaltzea are eta nabariagoa izango da zubian. Espaloiaz gain, aparkalekutik datorren bidegurutzea hobetu eta Urbieta eraikineko edukiontzien irisgarritasuna hobetuko da. Bidegorria espaloiaren kotara igoko da baita ere.

Konpromiso partekatuak

URAren Euskal Agentziak eraikuntza-proiektu osoa aurkeztu du, eraikinak eraistea eta egin beharreko obra hidraulikoak barne. Proiektu horretako obrak kontratatzeaz eta egikaritzeaz arduratuko da, zuzendaritza fakultatiboa egingo du eta 6.152.900 euro ordainduko  ditu.

 Bestalde, Udalak konpromisoa hartu du CAFen lursail eta jabetzetan aurreikusitako obra hidraulikoetatik eratorritako afekzioak erregularizatzeko beharrezkoak diren hirigintza-dokumentuak izapidetu eta onartzeko (adibidez, eraitsiko diren eraikinen galera konpentsatzeko behar diren baldintzetan handituko da eraikigarritasuna) eta obren kontratazioaren benetako kostuaren 1.630.000 euro finantzatzeko.

Azkenik, CAFek hitz ematen du Uraren Euskal Agentziaren esku jarriko dituela bere jabetzako lurrak eta eraikinak, proiektatutako obrek ukituta. Era berean, CAFek bere gain hartuko du bulego berriak gaitzeko obrak gauzatzea eta ordaintzea.

Proiektu honek Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF-FEDER) finantziazioa jasotzen du.

Beasain- URA - CAF hitzarmena sinatzea - Firma convenio Beasain- URA- CAF

 
Bilatu URAn