Joan edukira

    Hitzarmena sinatu dute gaur Aranguren auzoa Cadagua ibaiaren uholdeetatik babesteko lanei ekiteko

    Argitalpen-data: 

    URAko zuzendari nagusia eta Zallako alkatea hitzarmena sinatzen
    • Hitzarmenak 16.619.314 €-ko aurrekontu zenbatetsia eta 18 hilabeteko gauzatze-epea duen jarduketa baten baldintzak eta betebeharrak arautzen ditu
    • Jarduketa MITMAk, ADIFek, Zallak eta URAk sinatutako aurretiazko lankidetza-protokoloaren barruan sartzen da, trenbide-sarea berrantolatzeko eta Aranguren Cadaguaren uholdeetatik babesteko
    • Cadaguaren ahalmen hidraulikoa hobetu nahi da Arangurenen, Arangurengo tren geltokiaren eta Zallako El Baular auzoaren arteko 2440 metroko zatian jardunez 

    Zallako Udalak eta URA-Uraren Euskal Agentziak hitzarmena sinatu dute, Zallako udalerrian (Bizkaia), Aranguren parean, Cadagua ibaiaren uholdetatik babesteko proiektua burutzeko bi administrazioek elkarrekin lan egiteko baldintzak arautzeko. Jarduketaren aurrekontu zenbatetsia 16.619.314 €-koa da, eta 18 hilabeteko gauzatze-epea aurreikusten da. 

    Hitzarmena 2022ko uztailaren 14an Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak (MITMA), ADIFek (Trenbide Azpiegituren Administratzailea), Zallako Udalak eta URA-Uraren Euskal Agentziak sinatutako Lankidetza Protokoloaren sekuentzia logiko gisa egiten da, modu koordinatuan ekiteko bai udalerritik igarotzen den trenbide-sarea berrantolatzeari, bai Cadagua Aranguren auzotik igarotzean uholdeen aurrean defendatzeko orain adosten diren jarduerei. 

    Ur-goraldien aurrean babesteko jarduketa horiek Cadagua ibaiaren 2440 metroko tarte batean egiten dira, Arangurengo tren-geltokiaren eta Zallako El Baular auzoaren artean. Jarduketen xedea da Cadagua ibaiaren ahalmen hidraulikoa hobetzea, ibilgua handitzeko plataforma batzuk sortuz — eskuinaldean, Arangurengo tren-geltokiaren parean; eta ezkerraldean, araztegiaren eremuan —, uholdeen emariak desbideratzeko eta, horrela, Arangurenen uholde-arriskua saihesteko. 

    Era berean, ibaiaren meandroetan bi ibilgu osagarri egitea aurreikusten da, bai Ojivar-San Juan aldean, bai Oreñan: ur askoko sasoietan beteko dute bere betekizuna. Gainera, jarduera osatzeko, paper-fabrikaren presa txikia jaitsi eta iragazkortu egingo da, eta luzetarako babesak edo bideratzeak jarriko dira jarduera-eremuan zehar. 

    Aipatzekoa da Zallako udalerriak hiri-ingurune egonkortua duela, ibaian gora doazen uraldien puntako emariak ijezteko aukera artifizial edo natural gutxirekin. Horregatik, uholde-arriskua nabarmen murrizteko, ezinbestekoa da egitura-neurriak gauzatzea ibilguan bertan: jada, oso antropizatuta dagoena. 

    Hitzarmena ikusita, URA-Uraren Euskal Agentziak konpromisoa hartzen du proiektuan jasotako obrak kontratatzeko, obrak zuzendu eta teknikoki ikuskatzeko, eta obren benetako kostuaren % 100 ordaintzeko. Bestalde, Zallako Udalak konpromisoa hartu du obrak egiteko behar diren lurrak Uraren Euskal Agentziaren esku jartzeko. 

    Jarduketen helburua da uholde errepikakorrei eta oso larriak izan daitezkeenei erantzutea, egungo ibilguak ur-goraldien emariak hartzeko gaitasun nahikorik ez duelako. Egoera hori larriagotu egiten da ibilguan fluxua oztopatzen duten egiturak daudelako. Ur-goraldien errepikapenak urteko 1,08 milioi euroko batez besteko kaltea eragiten du. Urtean 273 biztanleko arriskua izanda, EAEn uholde-arrisku handiena duen eremuetako bat da. 

    Proiektu honek Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Biodibertsitate Fundazioaren (MITECO) laguntza izango du, Europar Batasunak finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (PRTR) esparruan - NextGenerationEU.

    Informazio gehiago Irekia atarian) (leiho berri batean irekitzen da)

    URAko zuzendari nagusia eta Zallako Alkatea elkarri eskua emanez