URBEHA proiektua
Euskal Autonomia Erkidegoko hondakin-uren araztegietan SARS-CoV-2aren jarraipena egiteko URBEHA proiektuaren helburua alarma goiztiar sistema gisa balio izatea da, karga birikoaren aldaketa esanguratsuak detektatuz Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erabakiak hartzeko laguntza tresna izan dadin.
Trantsizio Ekologikorako eta Erronka demografikorako Ministerioak (MITERD), berriz, VATar proiektuaren barne , hiri-mailako zenbait EDAR hautatu ditu, hondakin-uretan SARS-CoV-2 birusak duen presentzia eta kontzentrazioa aztertzeko, birusak biztanlerian duen zirkulazioa antzemateko adierazle epidemiologiko gisa balio dezan. Ildo horretan, MITERD, EAEri dagokionez, laginak hartzen eta SARS-CoV-2-aren presentzia aztertzen ari da Galindoko (Bilbo Handiko aglomerazioa) eta Krispijanako (Gasteizko aglomerazioa) EDARen sarrerako eta irteerako uretan.
URAk, URBEHA proiektuaren bidez, jarraipena handitu zuen, Loiolako (Donostiako aglomerazioa) eta Atalerrekako (Irun-Hondarribia aglomerazioa) hondakin-ur araztegietako sarrerako eta irteerako urak eta Bilbo Handiko aglomerazioko saneamendu-sareko 6 puntu gehituz; horietatik, URAk zuzenean 3 puntuz arduratzen zen (PR4, PR5 eta PR6 puntuak), eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak gainontzeko 3 puntuez (PR2, PR3 eta PR1 puntuak, azken hau Galdakaoko ospitalearen irteeragatik ordezkatu da).
MITERD-Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioarekin adostu egin da Loiola HUAko laginketa-puntua URBEHA proiektutik Vatar proiektura pasaraztea Europar Batasunetik argitaratutako 2021/472 EB Gomendioarekin bat egiteko asmoz. Gainera, intzidentzia tasa balio baxuagotan egonkortu dela somatu da, eta horren ondorioz, birusaren hedapena eusteko neurri-murriztaileak bertan behera utzi dira. Hori guztia kontuan hartuta, 2022ko urtarrilean, URBEHA proiektuko lan taldeak erabaki zuen jarraipena etetea laginketa puntu gehigarrietan, hau da, Bilboko saneamendu sareko 6 puntuetan eta Atalerreka eta Loiolako HUAko puntuetan baita ere, azken hau Vatar proiektuaren barne geratuz. Modu honetan, aipatutako “EB 2021/472 gomendioa hondakin-uretan SARS-CoV-2aren eta haren aldaeren jarraipen sistematikoa ezartzeko ikuspegi bateratu bati buruzkoa” bete egiten da, zeinetan Europar Batasuneko herrialde kideei premiatzen zaien 150.000 biztanle baino gehiagoko hirietan birusaren jarraipena egitera.
Hortaz, Galindo - Bilbo Handia, Loiola-Donostialdea eta Crispijana-Vitoria-Gasteizeko HUAetako laginketa puntuetan birusaren jarraipenak segituko du.
Erakunde kudeatzaileen rola, hala nola Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa (BBUP), Añarbeko Urak (Añarbeko Urak) eta Txingudiko Zerbitzuak (Txinzer), ur-laginak astero hartzea eta zenbait parametro fisiko-kimiko aztertzea da, eta BBUParen kasuan, baita ere SARS-CoV-2ren presentzia Bilbo Handiko aglomerazioko saneamendu-sareko 3 puntutan. Laginaren karakterizazio fisiko-kimikoak informazioa osatzeko balio du, eta garrantzia izan dezake analisiaren emaitzak laginketa puntu horretan eman ohi diren balioetatik urrun badaude.
Ikerkuntza, garapena eta berrikuntzako proiektu bat izanda, funtsezkoa da partaide bakoitzak dugun ezagutza guztia amankomunean jartzea. Horregatik, URAk harreman estua du proiektuan estatu mailan murgilduta dauden ikerketa-erakundeekin (CSICeko Edafologia eta Biologia Aplikatuko Zentroa - CEBAS, Santiago Unibertsitateko Mikrobiologia eta Parasitologia Saila - USC, Tragsatec, etab.), laborategiekin, ur zerbitzuen erakunde kudeatzaileekin, unibertsitateekin, Osasun Publikoarekin eta beste erkidegoetan garatzen ari diren antzeko proiektuen arduradunekin. Ildo beretik, nazioarteko antzeko proiektuetan ireki diren ikerketa-lerroetan lortutako azken aurrerapenen jarraipena egiten da.
Hondakin uretan SARS-CoV-2aren presentzia zein den zehazteko, RT-PCR analisiaren bidez birusaren material genetikoa detektatzen da. Hauxe patogenoaren egituraren atal konkretuetan aurkitzen diren hainbat diana molekularren (N1, N2, IP4 eta e) kontzentrazioa neurtuz gauzatzen da. Aipatzekoa da interferentzia, ziurgabetasun eta gorabehera anitz aurki daitezkeela, hala nola plubiotasunagatik diluzioa, substantzia inhibitzaileen presentzia, material genetikoaren degradatzea tenperatura altuagatik, hondakin-uren araztegietan mantentze-lanak, etab, eta, horien ondorioz, lagin batzuen emaitza ez datorrela bat errealitate epidemiologikoarekin. Horrek zaildu egiten du iragarpen eredu sendo baten eraikitzea.
Proiektuan zehar metatutako esperientziatik ondorioztatu da N1 markatzailea dela erabilitakoen artean sendoena, hots, analisien emaitza alda dezaketen faktoreak harengan eragin gutxien daukan diana genomikoa dela.
Sare neuronaletan oinarrituriko eredu estatistiko aurreratuago bat eraikitzeko lan egiten ari gara. Hainbat parametroren neurketetatik abiatuta, hauen eragina analisien emaitzetan behatzeko, eta azkenik eratorritako ziurgabetasunak murrizten saiatzeko.
Jarraian, URBEHA eta VATAR proiektuen barruan EAE-n egindako analisietan lortutako emaitzak bistaratu ahal izateko aginte-koadroa erantsi da.
- Ezkerraldeko zutabean laginketa-puntuaren hautatzaile bat izango dugu. Hautatzaile horretan laginketa-puntu zehatz bat aukeratuta, puntu horretan lortutako azken emaitzak isolatuko ditugu, bai grafikoan, bai kontagailuetan.
- Koadroaren goiko partean, mapa bat aurkeztan da zeinetan laginketa-puntu bakoitzean azken analisian detektatutako birusaren (N1 diana genomikoa) presentzia-maila koloreekin adierazten den. Honen eskuman, beste mapa ikusi daiteke, aurreko analisiaren emaitzekiko joera adierazten duena, koloreekin baita ere. (Koloreen legenda ikusteko, maparen goiko eskuineko izkinan dagokion botoian klik egin behar da)
- Beheko partean, emaitzen bilakaera historikoa jasotzen duen grafikoa erakusten da, hamar laginketa-puntuena baldin eta hautatzailean iragazketarik ez den egin, eta hautatutako puntuarena bestela. Grafikoaren ezkerraldean, N1 dianaren kontzentrazioaren emaitza erakusten duen kontagailu bat daukagu, eta eskuinaldean, aurreko analisiarekiko joera erakusten duen beste kontagailu bat.
Aginte-taula - Ohar orokorrak
- Laginketa-puntu batean lortutako datu absolutuak ezin dira konparatu beste puntu batean lortutakoekin; izan ere, laginak aztertzen dituen laborategiaren berezitasunen arabera (erreaktiboen marka komertziala, analisi-ekipoen eredua, etab.), bai eta laginketa-putzuaren berezko ezaugarrien arabera ere (saneamendu-sareak puntu horretara arte duen luzera, hondakin-uren konposizio espezifikoa), emaitzetan balio absolutuen maila desberdinak lortzen dira. Beraz, laginketa-puntu bakoitzean lortutako presentzia emaitzak puntu horretan bertan lortutako gainerako emaitzekin baino ezin dira alderatu, horregatik, datu esanguratsuenak joerakoak dira.
- Aztertutako diana genomikoa (N1) aztertzerakoan laborategiaren kuantifikazio-muga 4,4 log10 (cg N1/L) da. Horregatik, presentzia-tarte txikienaren beheko muga 4,4 da.
- Laginen analisia eta emaitzen interpretazioa fitxan azaltzen den bezala, laginketa aurreko orduetan pilatutako prezipitazioak direla eta emandako laginaren diluzioa da analisien emaitzak distortsionatu dezakeen interferentzia ohikoena. Edozein interferentziaren ondorioz emaitzak nabarmenki distortsionatuak daudenean ohar bat gorriz agertuko da dagokion aginte-taulako kontagailuan. Datu horiek ez dira baliozkoak, ez aurreko emaitzekin alderatuak izateko, ezta errealitate epidemiologikoa aztertzeko.
Azken aldaketako data: